Ahalik eta hobekien eramateko aholkuak
Dagoeneko iraila da, eta horrekin batera haur askorentzat ikasturtearen hasiera iritsi da, buruhauste asko ekartzen dizkiena eurei eta haien familiei.
DYA Gipuzkoatik hasierako aste hauek hobeto eramaten lagundu nahi dizuegu, aholku hauen bidez:
- Seguru asko, oraindik eskola-materiala erosten ari zarete. Gogoratu ez dela beharrezkoa dena berria erostea, ziur aski aurreko urteko zerbait aprobetxa dezakezue, baita 2. eskuko testuliburuak erosi ere.
- Eskola materialaz ari garela, zuen seme-alaben osasunerako oso garrantzitsua den elementu bat motxila da. Kontuan hartu behar da motxilaren pisuak ez duela haurraren pisuaren % 10 gainditu behar. Egokiena material guztia gurpildun motxila batean eramatea da, baina hala ez bada, tiranteek zabalak eta barrubigunak izan behar dute. Behin eta berriz esan behar zaie motxila gorputzari itsatsita eta bi sorbaldetatik zintzilik eraman behar dutela beti. Horrela, bizkarreko minak agertzea saihestuko dugu.
- Txikienei kosta egiten zaie “uda sasoitik” eskolara joatea, eta ordutegi berrietara, arduretara e.a. egokitzea. Hori dela eta, garrantzitsua da egokitzapena pixkanaka-pixkanaka egitea eta, horretarako, oso ondo datorkie lanaldi-erdiz hastea, horrela, arratsaldeak udako jarduerak egiteko aprobetxa ditzazkete, hondartzara edo igerilekura joateko.
- Egun batzu barru zuen seme-alabek eskolaz kanpoko jardueraren batean parte hartuko duten ala ez erabaki beharko duzue. Garrantzitsua da haurraren iritzia kontuan hartzea eta, batez ere, erantzukizun handiegiz ez gainkargatzea, haurrarentzat funtsezkoa baita atseden hartzeko eta jolasteko denbora izatea.
- Jada nagusiak direlako eskolara bakarrik joango badira, edo eskola-garraioa erabili behar badute ere, oso komenigarria da istripuak saihesteko oinarrizko arauak gogoraraztea. Bideo oso argigarria aurki dezakezue ondorengo helbidean: https://www.youtube.com/watch?v=9aoIuBYA5Lc
- Elikadurari dagokionez, haurrek bazkaldu eta hamaiketakoa egin behar dute, baina beti janari osasungarria, opil industrialak saihestuz. Fruta eta jogurtak oso osasungarriak dira.