Bizi dugun une berezi honetan, eta Osasun Agintaritzek ezarritako jarraibideei kasu eginez, egoera jakin batzuetan arnas babeserako maskara erabili behar dugu, gure onerako zein besteen onerako.
Espazio itxietan, garraio publikoetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin den espazio irekietan… Pertsona askok maskara jarrita eraman behar dute eguneko ordu askoan.
Hori ez da une batzuetan gogaikarria soilik, batez ere esfortzu fisikoren bat egiten denean edo giro-tenperatura altua denean; gainera, epe luzera, larruazalean alterazioak eragin ditzake, maskarak berak hezetasun eta bero handiko mikrogiroa sortzen baitu. Horrek guztiak, maskararen beraren mugimenduarekin edo gomek aurpegian duten presioarekin batera, narritadurak eragin ditzake, arinak (granitoak edo urradurak) edo larriagoak (dermatitisa).
Jarraian, zenbait aholku emango dizkizuegu larruazaleko asaldura horiek ez agertzeko, kasu batzuetan oso gogaikarriak baitira:
- Funtsezkoena inguru hori ondo hidratatuta edukitzea da. Horrela, larruazala gehiegi lehortzea saihesten dugu.
- Ez erabili makillajea, poroak itxi baititzazke. Hala eta guztiz ere, azalari tonu bat eman nahi badiozu, koloredun krema hidratatzaileak ere badaude.
- Eguzkitan egon behar baduzu, eguzki-babesa eman, izpi ultramoreak maskaratik sartzen baitira.
- Maskara erabili aurretik eta ondoren, aurpegia ur epelarekin eta xaboi neutroarekin garbitu, eta ondoren ondo lehortu.
- Maskara aurpegira ondo itsatsita eraman behar da, etengabe mugitu ez dadin eta urradurak eragin ez ditzan. Horretarako, eusteko goma edo zintak ondo estutu behar dira, eta metalezko zatia sudurreko zubian ondo itxi behar da.
- Belarrietan alteraziorik ez agertzeko (hauetan eusten diren maskarak erabiltzen direnean), maskarak gehiegi tira egitea saihestu behar da. Bi gomak buruaren atzetik lotzeko gailuak ere erabil daitezke.
- Maskara izerdiagatik edo lurrun-pilaketagatik beragatik hezea dagoela Ikusten baduzu, horren ordez lehor bat jarri behar da, onddoak ager ez daitezen.
- Neurri guzti hauek jarraitu arren narritadura larriren bat agertzen bazaizu, zure medikuarengana jo behar duzu, tratamendu espezifikoren bat ezartzea azter dezan.
- Gainera, aurretik larruazaleko gaixotasunen bat baduzu, aknea, dermatitisa… galdetu zure dermatologoari nola jokatu behar duzun.