Duela hilabete asko, gaur egun pairatzen ari garen eta hainbeste murrizketa eragiten ari zaigun pandemia deklaratu zen. Kontaktu sozial gutxiago dugu, denbora asko daramagu gure senideak ikusi gabe, ezin da ospakizunik egin, maite genituen pertsonak joan egin zaizkigu nahi genuen bezala agurtu gabe, ERTE batean egon gara, edo are okerrago, lanpostua galdu dugu, gure negozioak porrot egin du, gaixotu egin gara eta ondorioekin jarraitzen dugu…
Horrek guztiak, neurri handiagoan edo txikiagoan, gure ongizate emozionalean eragina izan du, eta, era berean, lehen oharkabean pasatzen ziren eta une batzuetan kudeatzen ez genekien beharrak azaleratu ditu. Azken batean, gure bizi-kalitatea ez da onena, eta horrek eragina du egiten dugun guztian.
Gau batzuetan lo egitea kosta egiten zaizu? Batzuetan triste sentitzen zara eta ez dakizu zergatik? Batzuetan airea falta zaizu, urduri zaude, edo takikardia sumatzen duzu? Seinale horiek guztiek gure osasun emozionalak nonbaitetik huts egiten duela pentsarazi behar digute, eta hori konpontzeko “lanari ekin” behar diogula.
DYA Gipuzkoa, krisi sanitarioa jasan dugun hilabete hauetan lehen lerroan egon da, eta pertsona askok egunerokoan izan dituzten laguntza-beharren lekuko izateaz gain, gizarteak dituen gabezia eta behar psikologikoen lekuko ere izan da. Hori dela eta, hitzaldi/tailer ziklo bat prestatu dugu, egoera emozional disfuntzional desberdinak lantzeko eta hauei behar bezala aurre egiten irakasteko.
Saio hauek urte osoan zehar emango dira DYA Gipuzkoako ordezkaritzetan eta web honetako Agenda atalean joango dira agertzen. DOAKOak izango dira, 3 orduko iraupena izango dute, eta DYArekin elkarlanean diharduen eta tratamendu psikologikoetan eta irakaskuntzan eskarmentu handia duen osasun-psikologo batek emango ditu guztiak.
Hitzaldi/tailer horiek dinamikoak izango dira, eta bertaratuek parte hartu ahal izango dute jorratzen ari diren gaiari buruzko zalantzak azalduz edo norberaren esperientziak aurkeztuz. Hauek dira landuko diren edukiak:
- Emozioak, zer diren eta krisiak eragindako aldaketa psikologikoak
- Antsietateari aurre egiteko gakoak
- Depresioa eta isolamendu soziala
- Osasun psikologikoa eta bizitza emozional osasungarria izateko gakoak
Parte hartu nahi duen orok DYArekin harremanetan jarri beharko du, irakaskuntza.eskola@dyagipuzkoa.com posta elektronikoaren bidez edo 943-464622 telefonora deituz, eta gertuen dituen data eta ordutegien berri emango zaio, eta izen-ematea formalizatuko da.