Kontuz eguzkiarekin

Larruazala babesteko aholkuak

Eguzkia ezinbestekoa da gure ongizate eta osasunerako. Eguzki-erradiazioa jasotzeak D bitamina sortzen du, eta, horren ondorioz, gure hezurrak osasuntsuago daude, gure aldartea hobetzen du, gure odol-zirkulazioa errazten du, azaleko gaixotasun batzuk sendatzen laguntzen du… Azken batean, eguzkia hartzea oso onuragarria da, baina beharrezkoa den arreta izan ezean, kaltegarria ere izan daiteke.

Hala ere, “beltzaran egoteko” modaren ondorioz, esposizioak gomendatutakoa baino gehiago luzatu dira, babes egokia erabiltzeari utzi diogu “beltzarana jartzeko denbora gutxiago behar izateko”, egunaren erdiko orduak erabiltzen ditugu “beltzaran jartzeko egokienak direlako”… eta, horrela, hamaika mito, gure azala kaltetzea besterik lortzen ez dutenak, atzera bueltarik gabe.

Bai, azalak memoria du, hau da, azaleko zelulek kalteak metatzen dituzte, une jakin batean gaixotasunen bat agertzen den arte, baita azaleko minbizia ere (melanoma eta melanoma ez diren kartzinomak).

Larruazaleko lesioak eragiten dituzten izpiak A edo B ultramoreak dira (UVA edo UVB), babes egokirik gabe, zuzenean eguzkitan edo beltzarantze artifizialeko aparatuetan.

Minbizi askotan bezala, azaleko minbiziaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak dira minbizi hori ez agertzeko edo lehen faseetan eten eta, horrela, guztiz sendatu ahal izateko. Hona hemen eguzkitan seguru egoteko jarraibide erraz batzuk:

1|  Ez egon denbora luzez eguzkiaren aurrean, ezta eguneko erdiko orduetan ere, hau da, eguerdiko 11:00etatik 17:00etara bitartean.

2|  Eguzki-krema aplikatu, nahiz eta zerua lainotuta egon, izpi ultramoreek hodeiak zeharkatzen baitituzte.

3|  Eguzkitako krema eguzkiaren aurrean jarri baino 30 minutu lehenago eman behar da.

4|  Eguzki-babes egokia erabili eta behar bezala aplikatu:

Eguzki-babesen iraungitze-data begiratu. Askotan aurreko urtekoek ez dute balio izaten.

 —Datarik ez badago, eskuineko sinboloari erreparatu behar zaio. Ikur horretan, berme osoz erabil daitekeen aldia adierazten da, hilabeteetan. Epe hori igarota, adibidean 6 hilabete, produktuak propietateak galtzen ditu.

Erabili babes-faktorea larruazal motaren arabera. Haurrek 50+ babes-faktorea erabili behar dute, eta 6 hilabetetik beherakoak ez dira eguzkipean jarri behar, azala ez baitago prestatuta. Bilatu zure ezaugarriak beheko taulan, zer krema behar duzun jakiteko.

 

Produktua gorputz osoan uniformeki eta eskuzabaltasunez aplikatu.

—Arreta jarri oinetako eta belarrietako oinbularrei, askotan ahaztu egiten ditugu eta. Baita buru-azalari ere, ile gutxiko pertsonetan batez ere.

—Aplikazioa maiz errepikatu, 2 ordutik behin gutxi gorabehera, baita bainu luzeen ondoren, 20 minututik gorakoetan. Krema guztiak ez dira urarekiko erresistenteak. Azala lehortu eta ondoren krema aplikatu.

5| Eguzkia ez da igerilekuan eta hondartzan bakarrik hartzen. Gure azala babestu egin behar dugu aire zabaleko jarduerak eguzkitan egiten ditugunean.

6|  Kontu handiz ibili elurretan edo uretan ere, gainazal horiek eguzki-izpiak islatzen baitituzte.

7|  Babes fisikoak ere erabili, hala nola, txanoak, kamisetak, eguzkitakoak, eguzkitako betaurrekoak… Betaurrekoek kristal homologatuak izan behar dituzte, izpi ultramoreak iragazteko.

8|  Ez erabili UVA izpidun beltzarantze-aparaturik. OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) gizakientzako minbizi gisa sailkatu zituen eguzki-oheak. Azaleko minbizia izateko arriskua % 75 handitzen da 30 urte bete aurretik horrelako eguzki-gailuak erabiltzen badira.

9|  Gure larruazaleko oreztak eta orinak berrikusi egin behar ditugu, aldaketaren bat edo berrien agerpena antzemateko. Taula honetan, A, B, C, D eta E arauen arabera, medikuarengana eraman behar gaituzten zeinuak agertzen dira:

Azkenik, gogoratu gehiegizkoa den guztia kaltegarria dela, eta, beraz, helburua ez dela izan behar oso beltzaran egotea, eguzkia zuhurtziaz hartzea baizik.