Ziztadak Udan

Uda jada hemen dugu, eta tenperaturek gora egiteaz gain, intsektuen edo beste animalia batzuen ziztadak jasateko arriskuak ere gora egiten du, beroarekin ugaritu egiten baitira. Honi, gainera, udan kanpo jarduera gehiago egiten ditugula gehitu behar zaio, eta beraz, arriskuak handiagotu egiten dira.

Gehienetan zaila izaten da hauen ziztadak saihestea, baina bai dago gure esku sintomak arintzea. Hartarako, aholku batzuk uzten dizkizuegu:

1. Euliak eta eltxoak:
Intsektu hauek egunsentian eta ilunabarrean ziztatzen dute maizago. Beraz, hura aurrez ikusteko egokiena, ordu horietarako mahuka luzeko kamisetak edo galtza luzeak eramatea da.

Merkatuan badaude intsektuak uxatzeko hainbat produktu desberdin, eskumuturrekoak, espraiak, lozioak… azalean aplikatu eta ziztadak saihesten laguntzen dutenak. Badaude ere normalean arriskuan dauden pertsonen etxeko egonaldietan jar daitezkeen kandela eta intsektizidak.

Neurri guzti hauek hartu arren ziztada bat sufritzen badugu, hidrokortisona duten pomadak edo kalamina duten lozioak eman daitezke, azkura gutxitzen baidute. Erremedio naturalei dagokienez, azkura gutxiagotzeko eraginkorra izan ohi da limoi-zukua, gatza, kamamila edo amoniakoa aplikatzea.

2. Erleak eta listorrak:
Intsektu mota honen ziztada oso mingarria da, eta erreakzio alergiko larriak sor ditzaizkieke gainera pertsona sentikorrei: ziztadak aurpegian edo lepoan gertatu badira medikuarengana joan beharra dago, zailtasunak izateko arrisku handiagoa baitago.

Erle batek ziztatzen badu eta eztena azal barruan geratu bada atera egin behar da, matxardak erabili gabe pozoia hedatzeko arriskua baitago. Eztena kreditu-txartel batekin arrasta daiteke. Gero, mindutako zona urarekin garbitu eta antiseptiko bat erabili behar da. Mina handia bada izotza erabili daiteke, inoiz ere ez azalarekiko zuzeneko kontaktuan, edo analgesikoren bat ere eman daiteke.

3. Armiarmak:
Armiarma batek ziztatzen duen guztietan ez dugu mina hasieratik sentitzen, kasu batzuetan mina gero agertzen da.

Lesioaren neurria edo barne itxura aldatu egin daiteke ziztada egiten duen armiarma espeziearen arabera; granito txiki batetik kolore urdineko anpulu batetara joan daiteke. Kasu hauetan funtsezkoena zona ondo garbitzea eta ondoren azkura lasaitzeko pomada bat ematea da.

 4. Marmokak:
Marmokaren ziztada saihesteko orduan oso garrantzitsua da hondartzako sorosleen seinaleei jaramon egitea, marmokak gardenak direnez haiek ikustea oso zaila izaten baita.

Marmoka ziztadak oso mingarriak dira eta azkura asko eragiten dute. Ziztadak oso handiak izatera hel daitezke kontaktu azalera, azalaren eta animaliaren garroen artean, handiagoa izan bada.

Marmoka baten ziztada jasaten bada ez da zona ukitu behar, pozoia heda ez dadin, eta ur gazi ugariaz garbitu behar da. Komenigarria da geroago hotza ematea, sintomak arintzen ditu eta.

Azkenik, beharrezkoa izan ohi da kortikoideak dituen pomada bat ematea hantura gutxitzeko.

5. Armiarma arraina, xabiroi arraina, salvarioa edo sabiroia:
Arrain hauek, hondarrean ezkutatuta, oinazpian oso lesio mingarriak eragiten dituzte, bainulariak konturatu gabe zapaltzen dituenean.

Egin behar den lehenengo gauza zona ikuskatu eta arantzaren bat geratu den ikustea da. Horrela bada, matxarda batzuekin atera egin behar da.

Gero oina ur berotan murgildu behar da, jasan daitekeen tenperatura handienera eta gutxienez ordu erdian zehar. Honek mina gutxitzea lortzen du, eta pozoiaren efektuak neutralizatzen ditu gainera (hondar beroa zapal daiteke ere). Geroago Osasun Zentro batetara joan behar da beharrezko tratamendu farmakologikoa ezar dezaten.

 

AKATS OHIKOENAK ONDORIOAK
Hazka egin azala urratu arte Ziztadaren infekzioa
Eztena ateratzeko matxardak erabili Pozoiaren poltsa apurtu eta hura gehiago hedatzen da
Hotza eman armiarma arrain ziztadetan Pozoiaren efektua areagotzen da
Marmoka ziztada ur gezarekin garbitu Zelula erresumingarriak apur ditzake eta lesio gehiago eragin
Ziztadan lokatza eman, mina arintzeko Infekzioaren arriskua handitzen du
Izotza zuzenean ziztadan eman Erredurak eragin ditzake

 

 OSASUN ZENTRORA joan…

Lesioa gaizkoatu egiten bada:

  • Ingurua gorritua, beroa eta gogorra badago
  • Mina badago
  • Zorne-jarioa badago

Pozoiaren aurrean erreakzio orokorra agertzen bada:

  • Azkura orokorra
  • Negar-jarioa
  • Eztula
  • Presio sentsazioa lepoan edo irensteko zailtasunak
  • Zorabioa
  • Arnasteko zailtasunak